Gazteriaren oharra:
Dei egiten diogu Gasteizko eta Euskal Herriko gazteriari, herri honek independentzia eta sozialismoaren alde daraman borrokara lotzeko
Gasteizen atzoko egunean eman ziren atxiloketak salatzeko prentsaurrekoa burutu dute gaur hiriburuan. Gazteek bertan adierazi dutenez, ostiralean manifestazioa izango da 20:30etan.
Oharra:
EZ GAITUZUE GELDITUKO
Astelehen gauean Espainiako auzitegi nazionalaren aginduz, eta polizia nazionalaren eskutik, Gasteizko 6 gazte abertzale eta ezkertiar atxilotuak izan ziren. Atxiloketa hauen harira hurrengo irakurketa egiten dugu gazte independentistok:
Berriz ere independentziaren alde lanean dabilen gazteriaren aurkako eraso bat, berriz ere, atxiloketak, inkomunikazioa, miaketak eta mehatxuak. Berriz ere Gasteizko gazteria beldurtzeko operazio bat. Espainiako gobernuak, barne ministroaren eskutik eta nola ez, PNVren ezinbesteko laguntzarekin, Euskal Herriaren aurkako gerra estrategia itsuan murgilduta jarraitzen du. Bide horretan, independentziari ateak itxiko dizkion iruzur berri bat egosten ari dira Sabin Etxean eta NABAI zein PSOEren egoitzetan. Traizio berri hau aurrera eramateko, ezker abertzale ahula behar dute, eta nola ez, gazte mugimendu ahul bat?eta horregatik atxilotzen gaituzte, ez beste ezergatik.
Atzo, Rubalkaba jaunak esan zigun independentziaren aldeko borroka ez dela doan ateratzen Euskal Herrian, eta gainera, harrokeriaz esan zigun eraso hau ez dela azkena izango. Ba guk, euskal gazte abertzale ezkertiar eta iraultzaileok, badaukagu mezu bat Rubalkabarentzat eta bere soinura dantza egiten duten PNV zein NABAIko txotxongiloentzako:
Erabat erratuta zaudete gazteria horrela beldurtuko duzuela uste baduzue. Euskal gazteriaren duintasuna eta herri honekiko konpromisoa, Estatu espainol zein frantsesak inoiz plantea dezakeen errepresio apustu ororen gainetik -oso gainetik- dago, eta egongo da beti.
Duintasuna, konpromisoa, tinkotasuna eta gazteon arteko konplizitatea izango ditugu biharko Euskal Herri aske baten eraikuntzan, eguneroko ardatzak. Eta hori, ez du inork geldituko. Ez Rubalkabak, ez Balzak, ez Ibarretxek, ez Sarkozyk, eta ezta Zapaterok ere.
Deia egiten diogu gazteriari egunerokoan lanean jarraitzeko. Mugimendu feministan, ikasle mugimenduan, gure hizkuntza sustatzen, gaztetxeen defentsan, langileen eskubideen alde, AHT bezalako proiektu txikitzaileei STOP esanez? Funtsean, dei egiten diogu Gasteizko eta Euskal Herriko gazteriari, herri honek independentzia eta sozialismoaren alde daraman borrokara lotzeko.
Bukatzeko, datorren ostiralean arratsaldeko 20:30ean Gasteizko Correos plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Eta bide batez, besarkada bero bat bidaltzen diegu atxilotutako guztiei, zein Espainia eta Frantziako sarraski espetxeetan bahituta dauden gazte iraultzaileei.
Independentzia eta sozialismoaren bidean, ez gaituzue geldituko!
GORA EUSKAL GAZTERIA!

Zabaldu
del.icio.us